XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BOTA KREDO

Erraiten da frangotan, Euskaldunak mutu daudela apezaren aintzinean; erretorak predikutik nahi duena erran, eta nehork ez diola arraposturik emaiten.

Ez da arras egia.

Noizean behin gertatzen da, nor edo nor mintzatzea bere xokotik, apezarekin akort ez delarik.

Ez da hortan harritzekorik ez kexatzekorik: izaitekotz, iduritzen zait jendearen osagarri onaren seinale bat dela hori.

Euskal-Herriko eliza batean, herriko besta igandean, erretor xaharra, gizon saindu bat, bihirik balinbazen, ari zen gazteri buruz erran eta erran: kasu eskuin, kasu ezker, hemen lanjer, han bekatu-bide.

Azkenean, mutiko gazte batek galerietarik, gora-gora: Aski hola! Bota Kredo!.

Baditake, gazte hori apezaren teolosiaz asea zelakotz mintzatu zela, eta ez Kredoan bere sinestearen agertzea berantetsia zuelakotz.

Bainan Bota Kredo hori, zer ateraldi ederra!.

Ederragorik ez dakit erran dezakegunetz girixtinoeri buruz, Bazko hurbiltzearekin.

Fedearen besta baita Bazko.

Jondoni Paulok diona: Kristo ez balinbada piztu, gure fedeak deus ez du balio, eta gu gizonetan dohakabeenak gira.

Bainan piztu da.

Piztu delakotz, osoki fida gitazke haren hitzari.

Gu ere pizten gaitu, Aitarekilako bere bizian sar-arazten gaitu oraidanik.

Jainkoaren haur gira egiazki, eta Jainkozko bizi hori bere beterat helduko da beste munduan, hemengo ilunbeen ondotik sartuko girelarik betiko argi zabalean.

Bota Kredo!.

Zoin gogotik behar ginuken errepikatu Bazko egunean Sinesten dut hori! Egun hauetan, adixkide bati entzun diot erraiten, harentzat mezako gauza ederrenetarik bat dela Sinesten dut-aren kantatzea.

Eta hala da, boz guziaz eta bihotz guziaz egina delarik.